Martxan jarri eta handik hamar egunera hondatu zen; 2009rako lanean izango dela espero duteEihartze Aramendia Big-Bangeko momentua nola izan zen igarri nahian, lanari ekingo diote zientzialariek. CERN Ikerketa Nuklearrerako Europako Batzordeak atzo inaguratu zuen berriz bere proiektu erraldoia: LHC Large Hadron Collider azeleragailua.
Joan den irailaren 10ean inauguratu zuten lehen aldiz, eta, hasiera batean ongi zihoala bazirudien arren, handik hamar egunera hondatu egin zen eta proiektua bertan behera utzi behar izan zuten. CERN laborategiak azaldu duenez, akatsa azeleragailuak duen bi imanen arteko lotura elektrikoaren huts baten ondorioz gertatu zen: «Akats hau izatea ez genuen inondik inora espero, baina orain ahal dugun guz- tia egingo dugu antzekorik gerta ez dadin eta horrela gure helburuekin jarraitu», azaldu du CERNeko zuzendari Robert Aymarrek.
Hemendik datorren urtera bitarte probak egingo dituzte azeleragailuarekin, eta 2009ko apirilerako berriz ere martxan izango dela espero du laborategiak.
Unibertsoaren sorreraren bila
LCH azeleragailua orain dela zazpi urte eta erdi eraikitzen hasi baziren ere, proiektuak hogei urte behar izan ditu argia ikusteko. Suitzaren eta Frantziaren arteko mugan eraiki zuten azeleragailua, Geneva aintzira ondoan, CERN laborategiko instalazioetan.
Azeleragailu horren bidez, atomoak baino txikiagoak diren hadroiak izeneko partikulen bihotza edo muina ikertu nahi dute zientzialariek. Partikula ikertzeko, beharrezkoa da partikula hori desegitea, eta desegiteko, izugarrizko energia behar da. Azeleragailuak energia hori 8.000 imanen laguntzarekin sortzen du, hain justu. Partikulak iman batetik bestera joaten dira, izugarrizko abiadan -segundo bakar batean 11.245 itzuli egitera iristea lortu nahi dute zientzialariek-, eta beren artean talka egitean desegin egiten dira.
Zenbait herritar kezkatu ere egin ziren proiektua aurkeztu zuten unean. Hainbaten ustez, azeleragailuak zulo beltzak sor ditzake eta, horren eraginez, unibertsoa suntsitzeko gai izan daiteke. Dena den, zientzialarien arabera, ez dago inongo arriskurik, naturak berak talka eta tximista handiagoak sortu baititu eta ez baita inolako kalte larririk izan